Herri txiki horren ezaugarri nagusia Tobillasko San Roman eliza garrantzitsua da. Duela gutxi, Arabako Foru Aldundiko Arkitektura eta Hirigintza Saileko Historia Ondarearen Zerbitzuak zaharberritze-lan handia egin zuen, eta, horren ondorioz, Gobiarango interesik handieneko monumentuen zerrendako lehena da tenplu hori; izan ere, Arabako lurraldeko elizarik zaharrena da, eta, horri esker, berriro piztu da arkitektura prerromanikoari buruzko eztabaida.
Lau eraikuntza-etapa ditu eliza horrek:
Baina eraikinaren garrantzia ez da mugatzen prerromanikotik aurrera arkitekturan izandako bilakaerara; horrez gain, dokumentu-iturriek eraikina zer urtetakoa zen adieraztean izandako garrantzia ere azpimarratu behar da. Lehen testigantza Abito abadeak eman zuen, 822. urtean tenplua monasterio-eliza izateko berritu zutela adierazi zuenean. Hurrengo dokumentua Vigila presbiteroarena da; arkeologia-museoan kontserbatzen den epigrafearen bidez, X. mendean egindako zaharberritze-lanaren lekukotasuna eman zuen. Hirugarren froga duela gutxikoa da: paleografia mozarabiar garbiko epigrafe bat da, oraindik ere bertan dagoena.
Elizako bigarren eraikuntza-faseko petxinen gaineko toba-gangaren hondakinek erakusten dute San Roman eliza penintsulako iparraldeko X. mendearen hasierako eliza-multzo batekin erlazionatuta dagoela. Alabaina, Euskadiko mota horretako lehen eliza da eta, beraz, multzo horretako elizetatik, iparraldeen dagoena da; hori dela-eta, honako galdera hau sortu da: puntu horretatik hedatu zen arkitektura-berrikuntza hori penintsulako gainerako lurraldeetara?